domingo, 12 de abril de 2015

Nahia Zubeldia eta Manu Matthys 2015-04-12

Udaberri giroa iritxi da, eta gaurkoan euritakoak, abrigoak eta ardo beroa alde batera utzi, eta beste aurpegi batekin gerturatu gara Garoara guretzat ezezaguna den iparraldeko bikote honen saioa entzutera. Paperezko kontzertuetan normalean abeslariak instrumentu gutxirekin azaltzen dira, baino gaurkoan liburudendara sartu orduko ikusten zen montajea konplexuagoa zela: kitarra elektriko bat hiru edo lau pedalekin, eta mahai haundi bat Manuren ordenagailu eta tresna elektronikoekin. Saioa ere ez da besteetan bezala antolatuta egon: hasieran egin dira aurkezpen, azalpen eta galderak, eta ondoren abesti guztiak jarraian jo dituzte Nahia eta Manuk.

Beraien musika folk eta elektronikaren nahasketa bezala definitu dute. Nahia ibilbidez folk estiloan jarduna da, eta Manu berriz elektronikan, eta proiektu honetan lantzen dutena da bi estiloak nahastea. Gaur jo dituzten abesti ia denak Nahiak konposatuak dira, eta moldatuak izan dira elektronika gehitzeko. Bide batez, ikerketa bat ere egiten ari dira efektu berriak sartzeko, eta horrek eragin du Nahiak kitarra elektriko bat erabiltzea, pedal batzuren laguntzarekin. Abestien letrak sortzerakoan gertuko gaietan oinarritzen da Nahia: bere haurraren mundu imaginarioan non dena den posible (Ura zaldia), telebistako berrietan entzun duen emaztea hil duen senar bateri buruzko historian, ...

 Iparraldeko euskara bezala, Nahiaren ahotsa oso goxoa da. Pena izan da ahotsa eta kitarraren bolumena ez egotea elektronikaren bolumenarekin ondo konpentsatuta, eta horrek konplikatzen zuen abestien letrak ondo ulertzea. Baino detalle hori alde batera uztita, oso proposamen interesgarria iruditu zaigu Nahia eta Manurena. Kontzertua amaitu ondoren Nahiak azaldu digun bezala, asko gustatuko litzaioke denbora gehiago izatea elektronikarekin froga gehiago egiten jarraitzeko, baino beretzat musika afizio bat da, eta bere lanorduak egin  eta familia atenditu ondoren gelditzen zaion denbora apurra besterik ez dauka musikarentzat.

Bestalde, esan beharra dago ezkertzekoa dela antolatzaileek tarteka horrelako proposamenak aurkeztea, oraindik oso ezagunak ez diren eta gure artean zuzenean jotzeko aukera asko ez dituzten taldeak. Arrisku pixkat bazuen gaurko ekitaldiak antolatzaileentzat, baino amaieran beraiek ere gustora zeuden entzuleengandik jasotako balorazioak positiboak izan direlako. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario